XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atsedena ona da bizitza lantzeko

Berri Ona

Eta soiñekoa ikutu zion (Mk. 5,21-43)

JENDEAK opor edo atseden gogoa du.

Gure gorputza nekatua sentitzen da.

Ikasturtea luzea izan da, lanaldia gogorra eta ekintza askori aurre eman bear izan diegu.

Bizitza ikutzera gonbidatzen gaitu gaurko ebanjelioak odoljariodun emakume arek Jesus-en soiñekoa ikutu nai izan zuen antzera.

Medikuntzak baiño geiago dezake fedeak.

Bizitza ederra dela ezin ukatu.

Bizitzak, ordea, berekin du nekea.

Gorputzez ondo sentitzea ezinbestekoa da espiritua edo gogoa lantzeko, otoitz egiteko, Jaunkoaren mezua gure egiteko.

Ondo zaindu ezean gaisotu, auldu, makaldu egiten da gorputza.

Orregatik dira atseden egunak bearrezkoak gorputza zaintzeko eta bere onean kontserbatzeko.

Orrek erran nai du gure opor egunak ondo antolatu bear ditugula, programa ona egin bear dugula.

Lana alditxo batean uzteak ez du esan nai ezer ez egitea.

Eguneroko lana alde batera uzteak gure sormena lanean jartzea da.

Denbora faltak galerazten diguna egiteko sormena bearrezkoa da.

Zuk eta zure familiak igaro bear duzuen udaldian ongi merezitako atsedena izan dezazuen, apaltasunez, onoko aolku auek eman nai dizkizut.

- Munduko lilluratik aske bizi.

Zeure nor-izatearekin adiskideturik bizi eta orrela jakingo duzu bizitzak eskaintzen dizun ederra zenbateraiñokoa den.

- Eguneroko gauzei neurria artu.

Atseden egunak elburu berriak bideratzeko artu bear dituzu.

- Urtean zear egin ez duzuna egiteko astia artu.

Irakurri, gauza eta toki berriak ezagutzeko aalegiñak egin... familiarekin solasaldi luzeak egin.

- Elkarrekin egin guztia.

Atseden egunak oso aproposak dira ainbat ekintza elkarrekin osatzeko eta egiteko: elkarrekin ibilli, elkarrekin otoitz egin, familiako gora-beera guztiak elkarrekin aztertu, erabaki berriak elkarrekin artu, elkarrekin...

Bizitza ederra da, ederragoa egin dezakegu, ordea: bizitza polita da, politagoa egin eziñik ez daukagu; bizitza gizakiari zor zaio, ez dezagun erasotu.

Jesus-en Jainkoak, gure Jainkoak, alegia, ez zuen eriotza egin, bizitza baizik.

Bizia maite zuen eta guk bizitza izan genezan eman zuen bere bizia.

Jesus-en mezua bizitzari eta biziari itsatsitako mezua izan zen eta da.

Eta guri, Aren jarraitzaile geranoi, beste orrenbeste egitea dagokigu.

Artzalluz'tar Joxemari